arrow-circle-down arrow-circle-left arrow-circle-up arrow-down arrow-left arrow-line-right arrow-right arrow-up ballon close facebook filter glass lock menu phone play point q question search target twitter
X

Dokumentazio Zentroa / Zikloak

Metropoliko arkitektura zineman (1918-1939)

Metropoliko arkitektura zineman (1918-1939)

Gerrarteko sasoian (1918-1939), zinemagintza bere lehen pausuak egiten ari zela, diziplina hori erabili zuten XX. mendeko abangoardia figuratiboei lotuta zeuden artista eta arkitekto gehienek, etorkizuneko hiria nolakoa izan zitekeen planteatzeko proposamenak lantzeko esperimentazio- eta formulazio-elementu gisa.


Hugh Ferris arkitekto iparramerikarraren Metropolis of To-morrow (1929) da horren adibide paradigmatikoena, sortu eta hurrengo urteetako zientzia-fikziozko filmetan hainbeste eragin zuena, hala nola: David Butler-en Just Imagine (1930) eta William Cameron Menzies-en Things to Come (1936) filmetan; eta baita berriagoetan ere, hala nola Batmanen Gotham City hiriaren diseinuan, edo Sky Captain and the World of Tomorrow filmeko New York hirian.
Beste arkitekto garrantzitsu batzuk ere esku-hartze erabakigarria izan zuten zinemarako dekoratuen eraikitzean, adibidez, Robert Mallet-Stevens frantsesak edo Hans Poelzig alemaniarrak. Mallet-Stevensen kasuan, adibidez, Marcel L’Herbier-en L’Inhumaine filmaren diseinu kubo-futuristan, edo bere obretako batzuk mailegatuz, horien artean: Noailles etxea (Hyères herrian) (1928), Arte eta Arkitektura Zentroaren egoitza dena, Man Ray zuzendariarentzako errodatze-plato bezala Le mystère du château de dé filmean (1929). Poelzigen kasuan, bere diseinuen arabera eraiki ziren Erdi Aroko hiri gotikoa eta Pragako juduen ghettoa, Paul Wegener-en Der Golem (1920) film espresionistarako.
Arkitektoek zinemagintzan izandako jardunaz harago (izen-zerrenda amaigabe bat osatzeko beste), zinemak arte askok ez bezala asmatu du metropoli garaikideetako arkitektura deskribatzen. Horretarako, funtsezkoa da cross-section gisa ezagutzen diren filmak ezagutzea (ebakidura transbertsaleko filmak); hau da, irudi sinkopatuen muntaia egiten dutenak, hiri handiko pultsioen erritmoari lotuta: biztanleen jarduna, laneko, aisialdiko edo atsedeneko momentuak, makinen, trenen, automobilen eta tranbien abiadura eta dinamismoa, edo metropoli modernoaren arkitektura berriak eragiten dituen tentsio eta amets-irudiak.
Asko dira ikuspuntu hori eskaintzen diguten filmak. Film horien buruan dago Walter Ruttmann zinemagile eta arkitektoaren Berlin, die Symphonie der Grozstadt (Berlin, hiri handiaren sinfonia, 1927); izaera dokumental, esperimental eta narratiboa uztartzen ditu filmak, Berlin hiriaren eguneko hogeita lau orduetan zeharreko eguneroko bitza kronologikoki erakusteko, urtebeteko errodatze-prozesuan zehar grabatutako irudiekin (ezkutuko kamerekin, batzuetan).
Berlin, die Symphonie der Grozstadt filma baino lehen, Paul Strand argazkilari eta zinemagileak New York hiriko irudiak filmatu zituen Charles Sheeler pintorearekin batera. Manhattango errealitateari ateratako irudiak ziren, portuetan, kargarako eta deskargarako kaietan, eta hiriko kaleetan hartuak. Manhatta (1921) poema musikal gisa dago kontzebitua, eta Walt Whitman poetaren Mannahatta poesian oinarritzen da, autore estatubatuar handiak literalki hala idatzitako izenarekin. Filma osatzen duten hamabi sekuentzien buru dira poemako lerroak jasotzen dituzten errotuluak, egunsentitik eguzki-sarreraraino doazen hiriko bizitzako hamabi momentu bata bestearen ondoren kontatzeko. New York hiriko etxe orratzak kamera-mugimendu biziekin erakusten dira, eta hala erakusten da baita jendetzaren mugimendua, automobilez eta altxatutako bideetan doazen metro-bagoiz beteak. Paul Strand eta Charles Sheeler oso loturik zeuden Alfred Steglitz argazkilariaren 291 Galeriako zirkulura, etxe orratzen hirian abangoardia kubista eta futurista zabalduko zituena.          
A Bronx Morning (1931) Jay Leydaren film bat da, ikuslea Bronx newyorktarrean murgiltzen duena; tren batetik erakusten digu auzoaren panoramika orokorra, bi travelling bizkorren bitartez, bat hasieran eta bestea amaieran. Bitartean, muntaia osoan zehar, distrituko bistak ikus daitezke, auzoaren izaera eta atmosfera, bizilagunen, helduen eta haurren ohiko ekintzak, eta tokiko negozioetako jarduera. Asko zor die filmak Walter Ruttmannek Berlin, die Symphonie der Grozstadt lanean erakutsitako aurkikuntza formalei.
Badirudi Alberto Cavalcanti brasildarraren Rien que les heures (1926) filma inspirazio-iturri izan zela Walter Ruttmannentzat, Berlini buruzko lana jorratzeko. Cavalcantiren lanak Paris erakusten du; bertako bizitza, hiria martxan, hiria atseden hartzen. Metropoli frantseseko kaleetan barrena mozkor doan andre zahar baten noragabeko ibiliarekin ehuntzen du filmaren haria. Orduak baino ez bezala itzul daitekeen izenburuak eragin nabarmena izan zuen momentuko abangoardia artistikoetan. Luis Buñuelen arreta ere izan zuen, eta, hari esker, Madrilgo Ikasle Egoitzan proiektatu ahal izan zen. Gaceta Literaria aldizkariaren arabera, 1927. urteko 2. zenbakian adierazten denez, Rien que les heures musika “bisuala” da, non zinemaren bi erritmoek irudien artean behar den lotura aurkitzen duten.
Eugène Deslawen Montparnasse (1929) lanak Parisko Montparnasse distrituko panoramika osatzen du, Luis Buñuel edo Marinetti futurista italiarra bezalako abangoardiako artisten bizileku. Artista horien jarduna erakusten du lanak. XX. mende hasierako Paris baten eraikuntzan ardaztua, interes handiagokoa da Julien Duvivier-en Au Bonheur des Dames (1929) lana. Fikziozko argumentuzko film gisa, Émile Zolaren eleberriaren moldaketa bat da filma. Denise du protagonista, herriko neska gazta umezurtz bat; gaztea Parisera helduko da bere osaba Baudurekin bizitzeko. Hirian sortzen ari diren saltoki handien zabalkuntza-planen ondorioz gainbeheran dagoen mertzeria baten jabea da osaba, Lafayette galeriak kasu honetan. Bertan kontratatuko dute Denise. Eraikin horren arkitektura da, hain zuzen, xehetasun osoz erakusten dena, bere espazio eta mugimenduekin, flâneur, saltzaile eta bezeroen jarrerekin.
Hainbat eta hainbat kritikariren artean hamarkada luzez egindako inkestetan zinemaren historiako hamar film garrantzitsuenen artean goraipatua, Dziga Vertov-en The Man with a Movie Camera (1929) autorearen beraren zinema-begia teorian oinarritutako filma da, beranduago zinema-egia teoriarekin osatuko dena. Kamerak San Petersburgo hiriko eta Errusiako beste hiri batzuetako irudiak filmatzen ditu, 1917ko Sobietar Iraultzaren ondorengo urteetan zehar. Dziga Vertovek Kinoks taldea sortuko zuen 1919an beste zinemagile batzuekin batera, muntaian laguntzaile izan zuen Elizaveta Svilova emaztea horien artean. Abangoardia konstruktibistaren hainbat manifestu izenpetuko zituen taldeak. The Man with a Movie Camera zinema purua da, kamerak antzematen duen errealitatean oinarritua. Bere zentzua muntaiaren bidez erdietsi zuen errealitate bat.

 

Baliabideak

Baliabide horiek denek panorama aberats eta biziago bat eskaintzen digute.

 

Ester Roldán. Mallet-Stevens: Arquitectura, cine y modernidad.

1920. eta 1928. urteen artean, zinemarako hainbat dekoratu egin zituen Robert Mallet-Stevens arkitekto eta diseinatzaile frantsesak, eta gaiari buruzko zenbait artikulu idatzi zituen.
Ikusi artikulua FQ blogean