Aurrekariak
Arquia Fundazioak, Espainiako Arkitektura eta Hirigintzako Bienalaren antolaketako parte-hartzaile gisa, berrogei urtetik beherako arkitektoek egindako lanik onena aintzatesteko sari bat sortzeko premia azpimarratu zuen. Arquia Fundazioak emandako 15 000 €-an datzan sari horri Enric Miralles Saria izena jarri zitzaion, eta aipatu bienaleko VI., VII. eta VIII. edizioetan eman zen: Federico Soriano eta Dolores Palacio jaun-andreei Bilboko Euskalduna Jauregiarengatik (2001), Farshid Moussavi eta Alejandro Zaera-Polo jaun-andreei Japoniako Yokohamako portuko nazioarteko bidaiarien terminalarengatik (2003), eta Eduardo Arroyo jaunari (No.Mad Arquitectos) Bizkaiko Barakaldoko Lasesarre futbol-zelaiarengatik (2005)..
Esperientzia honen bidez, arkitekturan hasi berri diren profesionalen ekoizpenen ezagutza eskasa dela jakin zen; ziurrenik, ohiko hedabideetatik at jarduten dutelako. Arquia Fundazioak errealitate hori hobetzeko beharrizana identifikatu zuen, eta, horretarako, profesional berri horien jarduerak dokumentatu eta hedatzeko berariazko programa bat sortu zuen. Arquia/gertu programa sortu zen horrela 2007an. "Arkitekto oso gazteen" lanak zabaltzea da bere xedea, hau da, titulazioa hamar urte baino gutxiagoz izan dutenen lanak. Definizio honen bidez, jardunbide profesionalaren modu ezberdinak aintzatesten dira.
Xedea
Arquia Fundazioaren kultur-programa da arquia/gertu, eta profesional gisa hamar urte baino gutxiago daramatzaten Espainiako arkitektoei laguntzeko sortu zen. Horretarako, haien lanak eta profesional gisa dituzten printzipioak hedatzean, sustatzean eta nabarmentzean oinarritzen da bere jardunbidea.
Egitura
Bi urtez behingo ediziotan dago egituratuta programa, eta, hurrenez hurreneko komisario taldeen bidez, erregistratutako lanak katalogatu eta hautatzen dituzte, katalogo batean argitaratzeko eta arquia/gertu foroetan aurkezteko. Foro horietan, Espainiako arkitekturaren testuinguruko errealitateak eztabaidatzen dira, haren eragilerik geldigaitzenen ahots eta printzipioekin, hots, hasiberrien ahots eta printzipioekin.
Programaren funtsa www.arquia.es/proxima webgunean irekitako erregistroa da. Lehenengo edizioan, egile bakoitzaren hiru lan ditu, gehienez, eta, bigarren ediziotik aurrera, kopuru mugagabea.
Lehenengo edizioko komisario izandako Félix Arranz San Vicente arkitekto eta editoreari egin zitzaion sistema eragilearen jatorrizko diseinua sortzeko enkargua. Hasiera batean, komisario orokorrak eta Fundazioaren patronatuko ordezkari batek eta arkitekto kopuru aldakor batek osatutako batzorde zientifikoak eratzen zuten komisariotza; Espainiako lurralde ezberdinak ordezkatzen zituzten pertsona horiek. Geroago, fundazioaren sortu zen garaian zegoen testuinguruarekiko izan diren aldaketei egokitu izan zaizkie ondorengo edizioetako programak; hala, arkitekto gazteak biltzeko erreferentzia bihurtu ahal izateko beharrezko diren gailentasuna, edukiak eta eztabaidak ekarri nahi ziren arquia/gertu foroetara, eta, aldi berean, Espainiako arkitekto gazteen testuingurua eta ardurak ezagutu.
Lehengo epaimahaiak ordezkaritza-funtzioa baino ez bazuen ere, egun, hurbileko moderazio-funtzio parte-hartzaileagoa du. Horretarako, V. ediziotik aurrera, Arquia Fundazioaren blogeko arquia/gertu atala darabil epaimahaiak artikuluan argitaratzeko eta parte-hartzaileekin eztabaidatzeko.
Une honetan, honako kide hauek ditu: komisario orokorra, Fundazioaren patronatuko ordezkari bat, eta eremu geografiko ezberdinetako lau komisario-ordezkari.
Enbaxadore-sare bat ere badu programak; enbaxadore-izena Arquia Fundazioak ematen die lurralde ezberdinetako ordezkariei, eta beren aburuz erregistroan sartu beharko liratekeen lanak egin dituzten arkitekto gazteak identifikatzean datza beren xedea.
Azkenik, arquia/gertu programaren goren-une gisa, Foroa antolatzen da bi urtez behin, bienal bakoitzean aurkeztutako lanetatik ateratako ondorio arkitektoniko eta soziologikoak eztabaida irekian analizatzeko. Testuinguru honetan, 15 000 euroko arquia/gertu saria ematen zaio bienaleko lanik onenari, eta, ekitaldi horretan, gainera, epaimahaikideek hautatutako 24 lanik onenak azaltzeko parada dute beren egileek.
Norentzat izan daiteke interesgarri
Espainiako arkitektoen belaunaldi berrien lanak aurkezten dira arquia/gertu programan, beren egileek argitaratuta eta azalduta. Espainiako arkitektura sortuberria ezagutu nahi dutenentzako toki irekia da.
Erregistro hori kontsultatzea interesgarria da beste arkitekto batzuentzat ere (lankide gazteak nahi badituzte edo gazteak esku artean zen darabilten jakin nahi badute), baita sustatzaileentzat (lurraldeen edo tipologien araberako arkitekto libreak aurkitu nahi badituzte) eta editoreentzat ere (gazteen planteamendu teorikoak eta iritziak nahiz sektoreko joerak zeintzuk diren ikusi nahi badute).
Erregistro ireki horretan, besteak beste, arkitektoei, tipologiei, lurraldeei eta lanei buruzko informazioa aurki daiteke. Arkitektoek beren lanak aurkezteko eskura dituzten kategoriak honako hauek dira: proiektuak, obrak, gizarte ekintza, kultura eta trebakuntza ekintza eta ikerketa.
Arkitekto "oso gazteei" eta beren "lanei" zuzendua
Arkitekto oso gazteak ezagutzera emateko plataforma bat da arquia/gertu erregistroa, eta funtsezko hiru aspektu nabarmengarri ditu:
Lanak aurkezteko era. Lan hitza erabiltzen da, "proiektu" eta "obra" hitzek baino gehiago hartzen duelako barne; izan ere, arkitektoek burututako edozein ekintza izendatzeko balio du (proposamenak, lehiaketetarako obrak, ikerketa-lanak, hirigintza-proposamenak, diseinuak, eszenografia, berriztapenak, etab.).
Arkitekto gaztearen kontzeptua. Jardunbide profesionalean hamar urte ere ez daramatzaten Espainiako arkitekto oso gazteei dago zuzenduta programa. Ez da adinaren araberako murriztapen bat, titulua edozein adinekin lortu duten arkitekto guztiak hartzen baititu barne; aitzitik, jardunbide profesionalaren lehen hamar urteei egiten die erreferentzia.
Erregistroaren kudeaketa. Arkitektoa da zer lan aurkeztu behar diren erabakitzen duena, baita nola aurkeztu behar diren ere (kudeaketa pertsonalerako gunearen bidez).