LINA BO BARDI. ARKITEKTURA DANTZATZEN
1970eko hamarkadan, bere disko baten erreseina negatiboa irakurri ondoren, Frank Zappa konpositore, gitarrista, abeslari, disko-ekoizle eta zinema-zuzendari italiar-estatubatuarrak bere burua defendatu nahi izan zuen, “musikari buruz idaztea arkitekturari buruz dantza egitea bezalakoa dela” esanez. Baliteke zuzena izatea inongo testuk musika-esperientziaren indarra islatzeko gaitasunik ez duela baieztatzea, baina dantza eta arkitektura kontrajartzeak balio oro galtzen du Lina Bo Bardiren lanaz ari garenean.
“Arkitektoa, diseinatzailea, artista, eszenografoa, eta abar luze bat; gaur transkulturalitatea deitzen dugun horretan beti aitzindari, Bo Bardik etengabe gainditzen ditu mugak, bai diziplinetakoak, bai denborarenak eta bai lan egiten duen inguruetako muga mentalak ere”. Giacomo Pirazzoliren hitzak dira horiek, Lina Bo Bardi. Poesía Precisa(Belinda Rukschcio, 2013, 54´) Arquia Fundazioak editatutako dokumentalean jasotzen direnak.
Bere arkitekturarekin maisuki elkarrizketan jarduten duten diziplina ugarien artean, baliteke dantza izatea sortzaile poliedrikoaren talentua aldarrikatzeko azken urteetan argitaratzen ari diren lanetan gutxien aipatzen dena, izan ikerketetan, izan argitalpenetan, edo izan dokumental eta erakusketetan. Linak berak bere idazkietako batean aipatzen zuenez, ordea, “ohiko toki komunen ondorioz, gizakiak ahaztu egin du "espazioan daukan mugimendua", bere mugimendu kontzientea, gutxieneko keinuen mugimendu hori, jarrera gutxiagoko hori...". Eta baliteke abisu hori bera izatea Un pluie d´eté (Arnold Pasquier, 2017, 41 min, bideoa) lanaren genesian dagoena; artistaren zortzi obra esanguratsuenen (Sao Pauloko Arte Museoa-MASP, SESC Ponpei, Beirazko Etxea, Bulego Antzokia…) interpretazio koreografiko bat, espazio horietako bakoitzarentzako dantza propio bat asmatzeko prest dauden beste hainbeste dantzarik sortua.
Ez da lehen aldia MASP museoa dantzarako agertoki bilakatzen dena: "cinema novo paulista" gisa ezagutu den mugimenduaren adibide onenetakoa den Anjos da Noite (Wilson Barros, 1987) filmean, protagonistetako bik dantza-pausu batzuk inprobisatzen dituzte kofadura zabal zentralean, “Dancing in the dark” entzuten den bitartean. Ikusle zinemazaleenei ez die, ordea, ihes egingo, Fred Astaire eta Cyd Charysen koreografia berbera dela dantzatzen dutena, Vincente Minelliren Melodías de Broadway (The Bad Wagon, 1953). Urte gutxi batzuk beranduago, 1992an, Daniela Mercuryren musikaren erritmoarekin bat egin zuten hogei mila ikuslek, eta eraikinaren zimenduen dardara eragin zuten beren mugimenduekin. Eraikinaren egitura bera arriskuan jartzera iritsi ziren, eta indargetze-sistema bat instalatu behar izan zuten, hutsarte hark herritarrentzako topaketa- eta aisialdi-espazio gisa zeukan bokazioa betetzen jarrai zezan.
Isaac Julien artista eta errealizatzailearen lana da, dudarik gabe, Lina Bo Bardiren figurari egin zaion interpretazio berezienetako bat. Julienek, 1996an Bahiako Arte Modernoko Museoa bisitatu ondoren, pantaila anitzeko instalazio batzuk sortuko zituen, non Bo Bardiren Stones against diamonds (2014, 58'28'') eta A Marvellous Entanglement (2019, 39'08") lanetan inspirazio hartutako mugimenduzko irudi poetiko eta iradokitzaileak erakusten zituen. “Sortu egiten da arkitektura, "berriz asmatzen da", eta hala egiten du bertatik dabilen gizaki bakoitzak, bere espazioak ibiltzen dituenak, eskailerak igoz edo barandaren baten atseden hartuz, usain hartzeko burua altxatuz, ate bat ireki edo itxiz, kontaktu intimo bat izateko eseri edo altxatzen denean, eta, aldi berean, espazioan "formak" sortuz; hori da errito primitiboa, eta hortik dator dantza…”, dio Lina Bo Bardik; eta dantza hori da Julienek berregiten duena, bi bideoinstalazioetan irudi bat nabarmenduz beste guztien gainetik: figura femenino baten irudia, oihal handi batekin bildua, arkitektoak berak Solar do Unhão multzorako diseinatutako eskailera eskultorikoan behera doana, eskaileraren trazatua uhin-mugimendu ederrekin jarraituz.