Inflexio-puntua. Posizio erradikalak aldatzen ari den mundu baterako.
Etengabe aldatzen ari den mundu batean bizi gara. Izan gatazka politikoengatik, desberdinkeria sozialengatik edo hondamen ekologikoengatik, planeta eta gizateria etengabe ari dira aldatzen, kolapso-egoera batetik gero eta gertuago. Interkonektatutako mundu globalizatu batean bizi gara, bai fisikoki eta bai digitalki, non gure ingurune hurbilean egiten ditugun eguneroko ekintzek eragin zuzen eta drastikoa duten munduko beste parte batzuetan; “tximeleta efektu” bat, non aldaketa txikiek ustekabeko ondorioak izan ditzaketen toki eta momentu desberdinetan. Gure eguneroko ekintzek ez dute ingurune hurbilenean bakarrik eragiten, beste herrialde eta testuinguru batzuetan ere eragiten dute zeharka.
Aurtengo otsailean The Guardian egunkariak argitaratu zituen artikulu batzuetan eraikuntzan erabiltzen den material nagusiak eragiten duen ingurumeneko eragina aztertzen zuen: zementuaren eragina hain zuzen. Uraren ondoren, zementua da munduan gehien kontsumitzen dugun bigarren materiala, eta karbono dioxidoko emisioen % 8aren arduradun zuzena. Horrez gain, eta datu hauek kontutan hartzen baditugu, egoera kritikoa da oso: eraikuntzaren sektoreak aireko kutsaduraren % 23a eragiten du, edateko uraren % 40a kutsatzen du eta hondakindegietako hondakinen % 50aren erantzulea da. Egoera zinez larrian bizi gara gaur egun, eta baliabide naturalek ez dute betirako iraungo. Hori horrela, hausnarketa bat abiatu behar dugu, eta arkitekturak bai gizartean eta bai planetan duen eraginari begiratu behar diogu. Planeta bat, bakarra, non datozen 30 urteetan % 25 haziko den munduko biztanleria batentzako habitatak sortu beharko diren. Tokiko eta mundu mailako eskala batetik, zein erantzun ari dira ematen arkitektura eta arkitektoak arazo honi?
1960 eta 1970eko hamarkadak desordena politiko eta asaldura sozial handiko urte iskanbilatsuak izan ziren. Berlingo harresia, nuklearren aurkako mugimendua, Vietnamgo gerraren aurkako protestak edo 1968ko maiatzeko ikasleen istiluak, besteak beste; gertatu berri den gure historian nabarmen agertu diren urteak dira. Injustiziak zabal eztabaidatu ziren eta pentsamolde erradikalak sortu ziren, status quoa zalantzan jartzen zutenak, eta, aldi berean, bizitzako zenbait esparrutan zeuden konbentzio eta praktikei ere zalantza egiten zietenak, arkitekturaren esparruan barne. Hura besteko momentu kritikoa bizi dugu orain ere, antzekotasun zuzenekin baina atzerako kontaketan 50 urte gehiago xahututa.
Arkitekturaren eragina holistikoki ulertzeko unea da hau, eta diseinu erradikalki berritzaileak sortzekoa, arriskatu eta gure ingurunean jarduteko dugun modua aldatuko dutenak. Elkarlanetik abiatuta lan egin behar dugu, arkitektoaren lana sare konplexu baten parte gisa ulertuta; planeta bera bezala, non ezagutza eta ekintzen fluxua etengabekoa izango den, gizakien arteko harremana (eta ingurunearekikoa) berriz negoziatuko duten jardute-formatu berriak definituz. Gure artean harremanetan nola jarri ulertu behar dugu, behin hori ulertuta beste espezie batzuekiko eta gure ingurunearekiko harreman enpatikoagoa nola kudeatu ulertzeko.
Jada ez da nahikoa zuzena dena egitearekin. Ezin dugu orain bezala ekiten jarraitu, inflexio-puntu bat sortu behar dugu. Aldaketa eragin behar dugu bai pentsamoldean, bai agendan eta bai praktikan, kontzientziazio handiagoa sortu eta gizarteari arkitekturak gure inguruneak onbideratzeko duen ahalmen eraldatzailea erakusteko. Planetan dugun eragina erradikalki eraldatzeko bidea emango diguten proiektu eta estrategiak garatu behar ditugu, eta gure ingurune sozial eta politikoarekin eta ingurumenarekin dugun harremana erreparatu behar dugu, denontzako demokratikoagoa izango den espazio bat sortuz.
Arquia/próxima programaren deialdi hau helburu horrekin planteatzen da: status quoa eta aurrez ezarritako ikusmoldeak zalantzen jarriko dituzten estrategia, hausnarketa eta ekintza ausartak bilatzea, horretarako arkitektura garaikideko praktiketan sakoneko aldaketa bat eragingo duten proposamenak aurkeztuz. Deialdi honetan aukeratuko diren proiektuak denbora-kapsula gisa funtzionatuko dute, eta gaurko arkitektoen agendaren isla gisa agertuko dira, gizarte-, politika-, ekonomia- eta ingurumen-aldaketei formatu kritiko eta berritzaileekin nola erantzun ematen ari diren erakutsiz. Gure gizartearentzat eta gure planetarentzat hil edo bizikoak diren gaiak kolektiboki aztertu eta eztabaidatzeko aukera bat, eta abagune ezin hobea, baita, tokiko eta nazioarteko aldaketen aurrean berrikuntzaz eta ausart jardungo duten praktikak nabarmentzeko, arkitekturan erradikaltasun berri bat eragiteko.